Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!


JAURLARITZA BERRIAK “ERKIDEGO ARRUNT” BILAKATU NAHI GAITU ZIZTU BIZIAN

eajus @ 15:51

JAURLARITZA BERRIAK “ERKIDEGO ARRUNT” BILAKATU NAHI GAITU ZIZTU BIZIAN
Azaroaren hasierak beste gauza batzuen artean, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu berriaren adierazpenak ekarri dizkigu, eta bere hitzok erori dira bai, baina ez udazkeneko haizeak eraitsitako hostoen makaltasunez, ez horixe! Mutrikuko dike berria eraikitzeko erabilitako berrogei tonako harritzarrek egin ohi duten danbarrarekin baizik.

Euskal kurrikuloaren berrikuspena aurkeztu digu Celaá andreak, “abertzale dotrinamendurik” gabea, gure gizartearen aniztasunean oinarrituan antza, eta ez aurrekoak egin bezala "kurrikulo sektario eta asimilatzaile" erara.

Zer da Celaá andreari gaur arteko kurrikulotik gustatzen ez zaiona? Ba aurreko legealdiko dekretuek Euskal Herriaren ikuspegi naturala hartzen zutela abiapuntu, bere zazpi lurraldeekin.

Garrantzi berezia ematen zitzaien bertan hizkuntzari, euskarari, eta euskal kulturari.

Eta horri esaten al dio Celaák “adoctrinamiento nacionalista sectario y asimilador”?

Hala ere, ikastetxeei autonomia pedagogikoa eta antolamendurako autonomia uzten zitzaien dekretuetan.

Eleaniztasuna ere ildo garrantzitsutzat jotzen zen eta ikastetxe bakoitzak askatasuna zuen hizkuntza bakoitzaren erabilera-esparrua handitzeko. Eleaniztasuna ere arautzen zuten dekretuek, nahiz eta Celáak esandakoak entzunez gero ematen duen ingelesaren kontu hori orain deskubritu dela.

Euskara ezartzen zuten ordea, hizkuntza nagusi - eta horretarako esplikazio garbia ematen (hitzez hitz atxikita); eta arazoa hor sortzen da.

(Esplikazioa) " Egungo errealitate soziolinguistikoak gaztelaniaren erabilera bultzatzen duela aintzat hartuta eta ikusita eguneroko jardunak eta ebaluazioek frogatua dutela irakasteko eta ikasteko prozesuan euskara erabiltzea funtsezkoa dela, ikasleek euskara ahoz eta idatziz behar bezala erabiltzeko gaitasuna eskuratuko badute, euskarak elementu integratzailea izan behar du hezkuntza-sisteman, eta erabilera nagusiko hizkuntza, lehen adierazitako irakasteko eta ikasteko prozesuan. Gaztelania edukiak ikasteko hizkuntza izango da, hura behar bezala ikasiko dela bermatzeko".

Hau da, Euskal Herriko haur guztiek ikasten dutela gaztelania inolako arazorik gabe; beraz, euskararekin tratu berezia eduki behar zutela ikastetxeetan, gure haurrek, euskara, euskara ere, dekretuen aurretik doan legeak berak agindu bezala, ikas dezaten.

Hala ere, argi eta garbi azaltzen da dekretuan, haurrek bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hizkuntza batean hitz egiten ikasi behar zutela (ikus 6. eta 8.artikuluak).

Zer egin du Celáak aste honetan emandako berriaren arabera? euskara eta gaztelera parekatu. Neurri horrek, aurreko gobernuak erabakitakoaren aurka, «elebitasun orekatu» bat lortzeko helburua duela nabarmendu du Celaak. Gure herriak duen elebitasunak ez du, prezisamente, orekarik, bata gutxitua baita. Beraz, nabarmena da “orekak” desoreka dakarrela.

Hizkuntzak parekatzeko asmoak ez du zertan hezkuntza ereduetan eraginik izan behar, Isabel Celaak jakinarazitakoaren arabera. «Hizkuntzen erabilera ikastetxe bakoitzak erabakiko du, norbere hizkuntza egitasmoaren arabera». Hau da, sailburuak azaldutakoaren arabera, ikastetxe bakoitzak askatasuna izango du nahi duen hizkuntza erabiltzeko bere helburuek gauzatze bidean, betiere ikastetxe bakoitzak dituen eskumenen arabera. Ereduen inguruko eztabaida hirueletasunaren inguruko eztabaida egiten denean helduko omen da. Beraz, erne egon beharko dugu.

Eta curriculumen edukietan ere aldaketak emango dira, zientziak eskatzen omen duen "zorroztasuna" eta "argitasuna" lortzeko; hor dugu adibide adierazgarriena Euskal Herria terminoaren erabileran. Kasu batzuetan, hizkuntzari eta kulturari buruzko esparruetan, termino horri eutsi egin diote dekretu egitasmoetan. Beste kasu batzuetan, ordea, Euskadi edo Euskal Autonomia Erkidegoa terminoekin aldatu da, eta, batzuetan, guztiz ezabatu da.

Hezkuntza Sailaren eredu berriaren bidez, euskararen erabilera indartzeko ahalegina egingo dela esan da, «gizakien arteko loturak eta harremanak» hizkuntza horretan izan daitezen. Baina ikusteke dago nola.

Celáa andreak aste honetan iragarritakoa hitzezko gehiegikeria da: Eusko Jaurlaritzari ikasgeletan "dotrina abertzalea" ezarri izana egoztea. Elkarrizketa eta adostasunerako deiak egin ordez, horrelako adierazpenek haserrea eta iskanbila besterik ez dute sortzen, justu Hezkuntza Sailburua izateko behar den kategoria hankaz gora jartzen dute.

Izan ere, bere hitzetan, euskal abertzaletasunak hezkuntza sistema ikasleen doktrinamendurako erabili izan du. Premisa horren ondorioz, berari eta “aldaketaren gobernuari” dagozkie orain “desdoktrinamendu” lanak egitea. Astakeria hutsa, edo beste era batera esanda, espainiar ikuspegia.

Ez ote da erabat kontrakoa gertatuko?, ez ote dabiltza benetako doktrinamendu asimilatzaile baten aldeko asmotan? “Adostasun zabalen” itzalpean mozorrotuta sartu nahi diguten asimilazio politika.

Funtsean, haien estrategia hor dago, hitzak elkar-lotu, mezu garbia helarazteko: abertzaletasuna-doktrinamendua-euskara-indarkeria terrorista-Euskal Herria elkartu gure herriko bloke ideologiko bat "redukzionista", "sektarioa", "zatitzailea" dela esateko. Eta dikotomiaren beste blokean daudenak berriz, berdintasuna, terrorismoari benetako arbuioa, adostasuna, egonkortasuna edo orekarekin lotu; ikusten denez, hitz atseginak. Hori bai, Celaáren ustetan, euskal abertzaletasunarekin zerikusirik ez dutenak.

Hezkuntza Sailburuaren adierazpenak interpretatzeko ez da inolaz ere beharrezkoa, testu-azterketak abilezia berezirik, gure eguneroko errealitatea bizitzea nahikoa da haren mezuak duen benetako neurria zein den jakiteko. Berdintasunaren aitzakiatan, gazteleraren aldeko desberdintasuna indartzea. Euskal abertzaletasunaren ustezko adoktrinamendua, benetako espainiar abertzaletasunaren dotrinamenduarengatik ordezkatzea. Euskal Herria gutxiago eta Erkidego Autonomo gehiago ereiten joatea. Abertzaletasuna eta indarkeria elkarren ondoan dabiltzanaren itxura eskaintzea.

Nola ez, Alderdi Popularrak eta UPyD-ek txalotu dute, txalo zaparrada ederrean! Sailburu sozialistak azaldutakoa. Abertzale garenok, berriz, azaroko hodeiek duten kolore goibela ikusten diegu Celaáren asmoei.


Zabaldu Bildu.net | del.icio.us

Ez dago erantzunik »

Erantzun bat idatzi


<a href> <em> <blockquote> <strong> <cite> <code> <ul> <li> <dl> <dt> <dd>


Nor naiz ni

Kategoriak

Tagak

Nire Tagak

Sindikatu